Joan Caboto

Joan Caboto

Irudi gehiago
Bizitza
JaiotzaGaeta, 1450
Herrialdea Veneziako Errepublika
HeriotzaIpar Ozeano Atlantikoa, 1498 (47/48 urte)
Familia
AitaGiulio Caboto
Seme-alabak
ikusi
  • Sebastian Caboto
Hezkuntza
Hizkuntzakitaliera
Jarduerak
Jarduerakadministrazio-kudeatzailea, marinela eta esklabo-trafikatzailea
Parte-hartzailea
  • John Cabot's Second Voyage (1497) (en) Itzuli

Find a Grave: 6623042 Edit the value on Wikidata

Joan Caboto[1] (italieraz: Giovanni Caboto; Castiglione Chiavarese, Genovako Errepublika edo Gaeta, Napoliko Erresuma, 1450 aldean - Ingalaterra, 1498) itsasgizona izan zen.

Henrike VII.a Ingalaterrakoaren zerbitzuan zegoela Amerikaren iparraldea inguratuz Txinarako itsasbide berri bat aurkitzea proposatu zion erregeari. Sebastian semearekin batera Bristoldik atera eta Ternua aurkitu zuen, eta hango kostaldea esploratu zuen. Ingalaterrara itzultzean ospakizun handiak egin ziren. Hirugarren espedizio batean itsasoan hil zela uste da.

Izena eta jaiolekua

Hizkuntzaren arabera hainbat eratara ikusten da Joan Cabotoren izena: Giovanni Caboto italieraz, Zuan Caboto venezieraz, Jean Cabot frantsesez, John Cabot ingelesez, Juan Caboto gazteleraz eta Joan Caboto euskaraz. Joan Caboto berak "Zuan Chabotto" izenaz sinaturiko agiri bat bada Venezian[2] eta Londresen zuen bankari italiarrak "Giovanni" izenaz aipatzen du agiri batean[3].

Giulio Caboto zuen aita eta Piero izeneko anai bat ere bazuen. Ez da ziurra non jaio zen eta bi hipotesi proposatzen dira, Gaeta (Latinako probintzian) eta Castiglione Chiavarese (Genovako probintzian). Gaetaren alde egiten dute gehienez, izan ere familia bertan bizi izan baitzen XV. mendean, baina 1443tik aurrerako ebidentziarik ez dago[4]. Bestalde Ingalaterran zegoen Pedro de Ayala diplomatikoak, Cabotoren garaikideak, 1498an Espainiako erregeari bidalitako gutunean honela idatzi zuen: "beste genovar bat, Kolon bezala"[5].

Venezian eta Iberiar penintsulan

1450 urtearen inguruan jaio zen eta 1471ean Veneziako San Joan Ebanjelariaren Eskola Handiko kofradian sartu zen. Hiriko kofradia entzutetsuena zenez ordurako pertsona garrantzitsua izango zela uste da. 1476an Veneziako hiritartasuna lortu zuen eta itsaso merkataritzan hasteko aukera izan zuen. 1483ko agiri batek dio Kreta uhartean Egiptoko sultanaren lurraldetan erositako esklabu bat jaso zuela[6]. 1480. hamarkadan Zuan Cabotto izenarekin hainbat agiritan aipatzen da. 1484an Mattearekin ezkondu zen eta hainbat seme-alaba izan zituen[7]. Hiru semeak Ludovico, Sebastian eta Sancto izan ziren[8].

Cabotoren ihesaldia.

1480. hamarkadan etxe handi bat egiten hasi zen. Diru arazoak izan omen zituen eta zorra kitatu ezin zuelako 1488ko azaroaren 5ean Veneziatik alde egin zuen. Valentziara iritsi zen, Aragoiko Koroako hiria zen orduan, eta injeniaritza zibilean lana aurkitzen saiatu zen. Jakina da kaia hobetzeko proposamena egin zuen baina haren proposamena ez zen onartua izan[6].

Veneziako hartzekodunek hango agintariei eskutitza bidali zioten Caboto atxilotu zezaten eskatuz[9] eta honek Sevillara egin zuen alde 1494an. Han Guadalquivir ibaia zeharkatzeko harrizko zubi baten eraikuntzan hartu zuen parte. Sevillako kabildoarekin ez adostasunak medio, proiektua bertan behera utzi eta Atlantikoa zeharkatuko zuen espedizio baterako babes politiko eta diru bila abiatu zen, Lisboara lehenengo eta Londresera ondoren. Londresera 1495ko uda aldera iritsiko zela pentsatzen da[10].

Ingalaterran

Henrike VII.a Ingalaterrako erregearen babes bila joan zen Espainiakoak Kristobal Kolon babestu zuen gisara. Hasieran Londresko italiar bankarien artean saiatu zen finantziazioa lortzen eta italiar komunitateko Giovanni Antonio de Carbonariis fraileak hartu zuen bere babesean. Hark aurkeztu zuen Caboto Henrike VII.aren aurrean 1496an eta erregearen patentea eskuratu zuen. Erregeak itsas nabigaziorako izendaturiko portu-hiria Bristol zen, garaian Ingalaterrako hiri aberatsena zen eta hango merkatari eta bankariek 1480. hamarkadan finantziatu zituzten espedizioak kondairazko Brasil uhartea aurkitzeko helburu zutenak, paubrasil zuhaitzaren egur bila batez ere[11]. Henrike VII.ak horrela lortuko zuen Bristolek merkataritza kolonialaren monopolioa izatea Ingalaterran, Portugalek Lisboarekin eta Espainiak Sevillarekin egina zuen bezala. Erregeak agindu zuen itzuleran etorriko ziren ondasun guztiak Bristolen lehorreratu beharko zirela eta erregeak mozkinen bosten bat jasoko zuela[12].

Cabotoren ideia Txinara iristeko Kristobal Kolonen ibilbidea baino iparralderago egongo zen pasabide bat aurkitzea zen[13]. Uste zuen bide motzagoa izango zela. Dena den, posible da bristoldar itsas-gizonak aurrez Ternua aldera iritsi izana eta haiei entzunda ideia sortu izana. Egia balitz 1470. hamarkadan europarrak ibili izango ziren Ipar Amerikako itsasertzean[14].

Espedizioak

Lehenengo espedizioa

1496ko martxoaren 5ean eskuratu zuen Joan Cabotok erregearen patentea. Hark baimena ematen zien Caboto eta haren hiru semeei Ingalaterrako bandera zuten bost itsasontzi hartuta uharte eta herrialde paganoak bilatzera joateko[15].

Lehenengo espedizioa 1496ko udan egin zuen Cabotok eta haren berri Bristolgo John Day merkatariak 1497-98 arteko neguan idatzitako eskutitz batean kontatzen denetik ezagutzen da[16]. Bertan Cabotoren bi espedizioren berri ematen da eta lehenengoari buruzko informazio handirik ez dakar, emaitza porrota izan zelako. Eskutitzak dioenez: "Itsasontzi batean atera zen, eskifaiarekin arazoak izan zituen hornidura eskasiaren eta eguraldi txarraren erruz, eta Bristolera itzultzea erabaki zuen". Dirudienez Islandia ingurura iritsi zen[17]. JohnDayren eskutitz hau 1950. hamarkadan aurkitu zen.

Bigarren espedizioa

Matthew of Bristol itsasontziaren erreplika.

Bigarren espedizio honen inguruko informazioa ematen duten lau eskutitz labur daude (aurrez aipaturiko John Day merkatariarena tartean) eta Bristolgo Hiriaren (garai hartan Bristow izena zuen) kronikan ere sarrera bat badago. Kronika hartan 1496-97 datari dagokion sarreran honela kontatzen da:

« Aurten, San Joan Bataiatzailearen egunean (1497ko ekainaren 24an), Bristoweko merkatariek Bristoweko Mathew izeneko itsasontzi batean bidaiatuta Amerikako lurra aurkitu zuten. Ontzi hori Bristoweko portutik atera zen maiatzaren bigarren egunean, eta hurrengo abuztuaren 6an itzuli zen etxera[18]. »

Ezagutzen diren informazio iturriek ez dute bat egiten bidaiaren gertaera guztietan, eta bata ere ezin da besteak baino fidarriagoa kontsideratu. Dirudienez Joan Caboto Bristoldik atera zen Matthew of Bristol izeneko itsasontzi bakar batekin. Itssontzia txikia eta azkarra zen. 50 tona pisatzen zituen eta 18[19] edo 20[16] marineletako eskifaia osatu zuen. Zazpi edo zortzi hilabetetarako hornigaiak zeramatzan[16]. Eskifaia hartan burgundiar bat (gaur egun herbeheretarra) eta genovar bizargin bat zeuden, azken hau dentista lanak eta erizain lanak egiteko arduraduna izango zen[19]. Pentsatzekoa da Bristolgo bi merkatari aipagarri ere izango zirela espedizioan[19]. Evan Jones historiagileak 2009an aurkituriko agiri batean oinarrituta badirudi William Weston merkatari bristoldarra itsasontzian zihoala eta bera zela espedizioaren buru, patentea Cabotorena bazen ere[20]. 2018an aurkituriko beste agiri batek dio erregeak berdin saritu zituela Caboto eta Weston, horrek esan nahiko luke bien artean antolatu zutela espedizioa.

Cabotoren bigarren espedizioaren ibilbidea, Jones eta Condon historialarien arabera.

Matthew of Bristol itsasontzia 1497ko maiatzaren 2an atera zen Bristoldik. Irlanda pasa ondoren iparralderantz jo eta Ozeano Atlantikoa zeharkatu zuen. Ipar Amerikako ekialdeko kostaldera iritsi zen ekainaren 24an. Lehorreratu zen puntu zehatza ez da ezagutzen; historialariek Ternuako Bonavista lurmuturra aipatzen dute, baina badira beste hipotesi batzuk ere; Cape Breton uhartea (Eskozia Berrian)[13], Labradorreko edo Maineko lurmutur batzuk. 1950. hamarkadan John Dayren eskutitza aurkitu ondoren lehorreratzen problabeenak Ternuako Bonavista eta Cape Breton uhartea dira, izan ere eskutitz hartan esaten da esploraturiko lurraldea Bordele (Frantzia) eta Dursey uhartea (Irlanda) dauden meridianoen artean kokatzen dela. Gaur egun pentsatzen da hegoaldean lehorreratu zirela eta lirraldeak esplorazten iparralderatz jo zutela, itzulerako bidea hartu aurretik[10].

Joan Cabotok esan zuen behin soilik lehorreratu zela eta lurralde barnera ez zela sartu "jaurtitako gezi baten distantzia baino gehiago"[16]. Ez zuten jatorrizko biztanlerik ikusi baina bai su baten aztarnak, gizakien bidea, sareak eta zurezko tresna bat. Lehorrean egon ziren denbora laburrean ur freskoaz hornitu ziren eta Veneziako eta Aita Santuaren estandarteak ezartzeaz batera lurralde hura Ingalaterrako erregearen eta Erromako Eliza Katolikoaren menpeko izendatu zuten[21]. Ondorengo asteak kostaldea esploratzen eman zituen Cabotok[16].

Bristolera itzuli zirenean Cabot Londresera joan zen erregeari espedizioaren berri ematera. 1947ko abuztuaren 10en 10 liberatako saria jaso zuen, garai hartako laborari edo artisau baten bi urtetako ordainsaria zen[7]. Ondoren ospakizunak etorri ziren. Sorcinok abuztuaren 23an zera idatzi zuen: "Caboto Almirante Handia izendatu zuten, Kristobal Kolonen gisara, eta ohore handiak eskaini zitzaizkion eta zetaz jantzi zen eta ingelesak erotuta atzetik zebilzkion"[22].nIrailaren 26an beste bi libera jaso zituen eta 1497ko abenduaren 13an urteroko 20 liberatako soldata esleitu zitzaion[23]. Pentsio hau 1497ko martxotik zen baliagarria, erakusteko espedizioa erregearen zerbitzura egin zuela. Bristolgo aduanako zerbitzariek hasiera batean ez zioten pentsioa onartu, erregearen beste berme bat aurkeztu artean[24]. 1498ko otsailaren 3an erregearen eskutitza jaso zuen eta bide batez beste espedizio bat antola zezan eskatu zion. Espedizio hartan Lancelot Thirkill Londreskoa, Thomas Bradley eta John Cair ere joan zitezela zehaztu zuen[7].

Hirugarren espedizioa

Londresko kronika handiak (1189–1512) dio Cabotek hirugarren bidaia bat abiatu zuela 1498ko maiatzean. Bost itsasontzi atera ziren Amerika aldera, bat erregeak berak prestatutakoa eta gainerakoak trukerako erabiltzeko gauzez beteak; jantziak, kapelak, lazoak...[7] Londresen zegoen Pedro de Ayala espainiar diplomatikoak idatzi zuen uztailean ekaitz handi batek jo zituela eta itsasontzietako batek Irlandan lehorreratu behar izan zuela. Beste laurek mendebaldera jarraitu zuten[5].

Mendeetan ez da beste ezer jakin bidaia honetaz, eta pentsatzen zen itsasoan galdu zirela. Batzuek diote onik itzuli zirela 1500 urtean. Horren alde hainbat ebidentzia daude; Lancelot Thirkill 1501ean Londresen bizi zela dioen datua jaso da, eta bestetik Alwyn Ruddock historialariak dioenez Juan de La Cosa kosmografoaren mapan "Ingelesek 1497 eta 1500 artean aurkitutako kostaldea" ikusten da idatzita[10]. Alwyn Ruddockek berak esaten du 1498ko espedizioan Giovanni Antonio de Carbonariis frailea joan zela eta Ternuan misio bat fundatu zuela. Horrela balitz lehenengo asentamendu katolikoa izango litzateke eta eliza bat eraikiko zutela ere pentsa liteke[10].

Aintzatespena

Bristolgo Cabot dorrea.

Cabotoren 1497ko espedizioaren 400 urteurrenean bi Cabot dorre eraiki ziren, bata Ternuako hiriburua den Saint John's hirian (Cabot dorrea 1497an)[25] eta bestea Bristolen (Cabot dorrea 1498an)[26]. 500 urteurrenaren harira Matthew itsasontziaren bi erreplika egin ziren. Bata Bristolen dago[27] eta bestea Bonavista lurmuturrean[28].

Bristolgo udaletxearen aurrean Joan Cabotoren estatua bat ezarri zen 1952an. 1985ean Bristolgo kaian brontzezko estatua berri bat ezarri zen. Saint John's hirian eta Bonavistan ere badira estatuak.

Estatu Batuetako Itsas Armadak bi itsasontzi izendatu zituen USS Cabot, bata 14 kainoiko brigantina, 1775ean eraikia[29], eta hegazkin-ontzi arin bat, 1943koa[30].

Erreferentziak

  • Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
  1. Euskaltzaindia. (PDF) 185. arauaː Errenazimentuko pertsona-izenak. .
  2. «Names from Sixteenth Century Venice» www.s-gabriel.org (Noiz kontsultatua: 2024-05-19).
  3. (Ingelesez) Bristol, University of. «The Cabot Project» www.bristol.ac.uk (Noiz kontsultatua: 2024-05-19).
  4. Roberto Almagiá. (1958). Commemorazione di Sebastiano Caboto nel IV centenario della morte. Venezia, 37-38 or..
  5. a b «Pedro de Ayala letter 1498» www.bristol.ac.uk (Noiz kontsultatua: 2024-05-19).
  6. a b Giuffrida. New documents on Giovanni Caboto. , 62–63 or..
  7. a b c d J.A. Williamson. (1962). The Cabot Voyages and Bristol Discovery Under Henry VII. Hakluyt Society, Second Series, No. 120, CUP, 93, 192–195 or..
  8. «CATHOLIC ENCYCLOPEDIA: John and Sebastian Cabot» www.newadvent.org (Noiz kontsultatua: 2024-05-19).
  9. M. F. Tiepolo. (1973). Documenti Veneziani su Giovanni Caboto. Studi Veneziani, xv, 585–597 or..
  10. a b c d Evan T. Jones and Margaret M. Condon. (2016). Cabot and Bristol's Age of Discovery: The Bristol Discovery Voyages 1480-1509. Cabot Project publications (Noiz kontsultatua: 2024-05-19).
  11. «Salazar's c.1476 account of Bristol's discovery of Brasil, 1476» www.bristol.ac.uk (Noiz kontsultatua: 2024-05-19).
  12. Bowen, Frank C.. (1938). America Sails the Seas. New York: Robert M. McBride & Company, 40 or..
  13. a b (Ingelesez) Croxton, Derek. (1990-01-01). «The Cabot Dilemma: John Cabot's 1497 Voyage & the Limits of Historiography» Essays in History 33 (0)  doi:10.25894/eih.422. ISSN 0071-1411. (Noiz kontsultatua: 2024-05-19).
  14. (Ingelesez) «Rewriting History: Alwyn Ruddock and John Cabot» Douglas Hunter 2018-03-01 (Noiz kontsultatua: 2024-05-20).
  15. «Discoverers Web: John Cabot» web.archive.org 2008-05-15 (Noiz kontsultatua: 2024-05-19).
  16. a b c d e «John Day letter 1497/8» www.bristol.ac.uk (Noiz kontsultatua: 2024-05-20).
  17. «Biography – CABOT, JOHN – Volume I (1000-1700) – Dictionary of Canadian Biography» www.biographi.ca (Noiz kontsultatua: 2024-05-19).
  18. Weare, G. E. (George Edward). (1897). Cabot's discovery of North America. London : John MacQueen (Noiz kontsultatua: 2024-05-20).
  19. a b c «Soncino letter 1497» www.bristol.ac.uk (Noiz kontsultatua: 2024-05-20).
  20. (Ingelesez) Jones, Evan T.. (2009-08-27). «Henry VII and the Bristol expeditions to North America: the Condon documents: Henry VII and the Bristol expeditions to North America» Historical Research 83 (221): 444–454.  doi:10.1111/j.1468-2281.2009.00519.x. (Noiz kontsultatua: 2024-05-20).
  21. P. D'Epiro, M. D. Pinkowish. Sprezzatura: 50 Ways Italian Genius Shaped the World. , 179–180 or..
  22. «Soncino letter 1497» www.bristol.ac.uk (Noiz kontsultatua: 2024-05-21).
  23. «John Cabot Memorandum, 13 December 1497» www.heritage.nf.ca (Noiz kontsultatua: 2024-05-21).
  24. Condon, M; Jones, ET. (2011-10-05). Warrant for the payment of John Cabot’s pension, 22 February 1498. (Noiz kontsultatua: 2024-05-21).
  25. Parks Canada Agency, Government of Canada. (2017-03-28). «index» parks.canada.ca (Noiz kontsultatua: 2024-05-21).
  26. (Ingelesez) «CABOT TOWER, Non Civil Parish - 1202009 | Historic England» historicengland.org.uk (Noiz kontsultatua: 2024-05-21).
  27. (Ingelesez) «The Matthew of Bristol» The Matthew of Bristol (Noiz kontsultatua: 2024-05-21).
  28. (Ingelesez) «Ye Matthew Legacy - Bonavista» Newfoundland and Labrador, Canada – Official Tourism Website (Noiz kontsultatua: 2024-05-21).
  29. (Ingelesez) Maclay, Edgar Stanton. (1894). A History of the United States Navy, from 1775 to 1893. D. Appleton (Noiz kontsultatua: 2024-05-21).
  30. (Ingelesez) «Cabot II (CVL-28)» public1.nhhcaws.local (Noiz kontsultatua: 2024-05-21).

Kanpo estekak

Autoritate kontrola
  • Wikimedia proiektuak
  • Wd Datuak: Q85642
  • Commonscat Multimedia: Giovanni Caboto / Q85642

  • Identifikadoreak
  • WorldCat
  • VIAF: 1256051
  • ISNI: 0000000058298605
  • BNE: XX1495616
  • BNF: 125225477 (data)
  • CANTIC: a10703263
  • GND: 118666436
  • LCCN: n50032548
  • NKC: xx0075469
  • NLA: 63540659
  • SNAC: w6x64hhq
  • SUDOC: 03447272X
  • BIBSYS: 90553623
  • UB: a1231547
  • Hiztegiak eta entziklopediak
  • Lur: 01233/eu_c_0031/c0031
  • DBE: url
  • Britannica: url
  • Wd Datuak: Q85642
  • Commonscat Multimedia: Giovanni Caboto / Q85642