Miguel Ángel Blanco

Miguel Ángel Blanco

Irudi gehiago

Ermuko zinegotzia

1995eko maiatzaren 28a - 1997ko uztailaren 13a
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakMiguel Ángel Blanco Garrido
JaiotzaErmua, 1968ko maiatzaren 13a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaLasarte-Oria, 1997ko uztailaren 13a (29 urte)
Hobiratze lekuaFaramontaos, A Merca (en) Itzuli
Heriotza moduagiza hilketa
giza hilketaren biktima
HiltzaileaJavier Garcia Gaztelu
Euskadi Ta Askatasuna
Familia
Anai-arrebak
Hezkuntza
HeziketaEuskal Herriko Unibertsitatea
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Alderdi Popularra

Find a Grave: 9982888 Edit the value on Wikidata

Miguel Ángel Blanco Garrido (Ermua, Bizkaia, 1968ko maiatzaren 13a - Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1997ko uztailaren 13a) Alderdi Popularreko Ermuko zinegotzia zen. 1997ko uztailaren 12an, buruan bi tiro zituela aurkitu zuten, hil-hurren, ETAk bahitu eta bi egunera; biharamunean hil zen.

Bizitza

Miguel Ángel Blanco 1968ko maiatzaren 13an jaio zen, Ermuan. Haren familia, jatorri umilekoa, Ourensekoa zen. Miguel Ángel eta haren arreba jaio baino lehen, haien gurasoak Ourenseko Xunqueira de Espadanedo herritik Ermura aldatu ziren, etorkizun hobe baten bila. Ama etxekoandrea zen eta, aita igeltseroa.

Miguel Ángelek Ekonomia ikasi zuen Euskal Herriko Unibertsitatean. Ikasketa horiekin zerikusia zuen lanpostu bat aurkitu zuen arte, igeltsero aritu zen. Horrez gain, gustuko zuen kirola eta musika talde batean jotzen zuen.

1995ean PPko Nuevas Generaciones gazte taldeko kide bilakatu zen. Urte hartan, zinegotzi hautatu zuten. Gainera, Nuevas Generacionesko batzorde exekutiboko kidea zen.

Miguel Ángel Blancok neska-laguna zuen hil baino zazpi urte lehenagotik, eta 1997ko udan ezkontzeko asmoa zuten.

Heriotza

Bahiketa gertatu zen egunean, ETAk 48 ordu eman zizkion Espainiako Gobernuari euskal presoak Euskal Herrira hurbil zitzan, Egin Irratira egindako dei baten bidez; baldintza hori jarri zuen ETAk, Miguel Ángel Blanco ez hiltzeko.[1] Euskal Herrian eta Espainian manifestazio jendetsuak egin ziren, ETAri Miguel Ángel hil ez zezan eskatzeko.

Gobernuak ez zuen ETAk ezarritako baldintza onartu eta ETAk ere entzungor egin zien herritarren manifestazioei: ETAkoek bi tiro egin zizkioten Miguel Ángeli garondoan, 1997ko uztailaren 12ko arratsaldeko 16:50ean, ultimatuma bukatu eta 50 minutura. Miguel Ángel oraindik bizirik utzi zuten, Lasarteko ingurumarietan, eskuak lotuta. Laster aurkitu zuten Lasarteko bi herritarrek eta ospitalera ere bizirik heldu zen, oso egoera larrian. Hantxe hil zen, goizaldeko 4:30ean.[2]

Atentatuaren oihartzuna

Miguel Ángel Blancoren bahiketak eta hilketak oihartzun handia izan zuen euskal eta espainiar herritarrengan, baita mundu zabalean ere. Ermuko espiritua izeneko joera eta jarrera piztu zuen. Manifestazio jendetsuak egin zituzten ETAren aurka Euskal Herriko eta Espainiako toki askotan. Blanco hil ondoren, haren izena zuen terrorismoaren aurkako erakundea sortu zen.

Euskal Herriko gizarteari zirrararik handiena eragin dion ETAren atentatuetako bat izan da[3] eta mugarria izan zen: ETAren indarkeriaren aurkako sentimendua asko indartu zen, baita ezker abertzalearen barruan ere eta hori baliatuz ETAren eta ezker abertzalearen aurkako errepresioa asko gogortu zen ordutik aurrera.[4][5]

Alderdi Popularrak Miguel Ángel Blancoren izena erabili du bere ekintza batzuk legez kanpo finantzatzeko, Gürtel aferako azpijokoen barruan.[6][7]

Erreferentziak

  1. (Gaztelaniaz) Barbería, José Luis. (2007-07-07). «El día en que todos fuimos Miguel Ángel Blanco» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2022-07-09).
  2. (Gaztelaniaz) Maribel Marín: «ETA abandona a Blanco con dos tiros en la cabeza tras desoír el clamor de los ciudadanos», El País, 1997-07-13.
  3. (Gaztelaniaz) «Una oportunidad de solución nueva sobre las experiencias de Argel y Lizarra»[Betiko hautsitako esteka], Gara, 2006-03-23.
  4. Imanol Murua Uria: Esan eta Egin. Joxe Elorrietari elkarrizketa, Manu Robles-Arangiz Institutua, 2009.
  5. Mikel Asurmendi: «Petxo Idoyaga: "Kazetariek notarioak izan behar dute gatazkari begira"», Argia, 1809. zenbakia, 2001-05-27.
  6. (Gaztelaniaz) «El PP usó el nombre de Miguel Ángel Blanco para financiar actos irregularmente, según la UDEF», VozPópuli, 2014-02-04.
  7. (Gaztelaniaz) Cecilia Guzmán: «El Gobierno de Aguirre y González llegó a utilizar a Miguel Ángel Blanco para dar dinero a la 'Gürtel'», El Plural, 2013-05-08.

Ikus, gainera

Kanpo estekak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Miguel Ángel Blanco Aldatu lotura Wikidatan
  • (Gaztelaniaz) Miguel Angel Blanco Fundazioa
Autoritate kontrola
  • Wikimedia proiektuak
  • Wd Datuak: Q1284141
  • Commonscat Multimedia: Miguel Ángel Blanco / Q1284141

  • Identifikadoreak
  • WorldCat
  • VIAF: 16535873
  • ISNI: 0000000035059513
  • BNE: XX1406815
  • GND: 112971134X
  • LCCN: n98011750
  • Hiztegiak eta entziklopediak
  • Auñamendi: 26121
  • Lur: 01093/eu_b_4012/b4012
  • DBE: url
  • Wd Datuak: Q1284141
  • Commonscat Multimedia: Miguel Ángel Blanco / Q1284141